Sua itzali zenean errealitate gordina sumatu zuen. Izan ere, burdinola osoa erre zitzaion. Etsita, emaztearen bila hasi zen. Sukaldeko hondarrak jaso bezain laster, emaztearen gorpua ikusi zuen. Gorpu biguna eskuetan hartu zuen, ordurako ez zegoen ezer egiterik. Oraino, azken musu hartan, ezpainen epeltasuna nabaritu zuen. Bere buruaz beste egiteko nahian Amalurren gorpua ondoan zegoen zelai batean utzi zuen.
Auzokideak, zer esan jakin gabe eta zikinkeriaz estalirik, berarengana hurbildu ziren. Inork ezin zuen azaldu nola gertatu zen istripua. Sutegian zerbait lehertu zen eta ikatza suak behin hartuta, minutu pare batean zerion beroa jasanezina zen.
“Hainbeste ikatz pilatu izan ez banu, gauzak ez ziratekeen honela gertatuko” – olagizonak hori pentsatuz logelako hondakinetara abiatu zen.
Oraindino, hormak izugarrizko beroa botatzen ari ziren. Dagoeneko ez zegoen teilaturik eta egur-zutabe batzuek ke trinkoa botatzen zuten. Hala, olagizona, bere semea non ote zegoen bere buruari galdetuz torturatzen hasi zen.
Azokideen laguntzaz egur-zatiak, harriak eta gainerakoa kentzen hasi zen. Zutabe sendo baten azpian zerbait nabaritu zuen olagizonaren txakurrak, eta hazkatzen hasi zen. Olagizona eta besteak txakurrari laguntzera joan ziren eta hondakin artean txakurra, bat-batean, desagertu egin zen.
Hango zuloan txakurrak zerbait aurkitu zuen eta zaunka egiten hasi zen. Ahalegin handiz kendu zituzten zutabeak eta errautsez estalita, konorte gabe, han bertan olagizonaren semea, Su, azaldu zen.
Txakurra semearen gorputz mugiezina miazkatzen hasi zen eta olagizonak semearen gorputza hartu zuen. Bere eskuen artean semeak ez zirudien ezer. Bularraren kontra zapaldu zuen eta Jainkoei hel eginez bere oihua zeruan entzun zen, eta, ustekabean, semea arnasten hasi zen.
Petrikiloa ahalik eta lasterren heldu zen herrixkara. Ur beroz garbitzeari ekin zion; lehenengoa zikinkeria kentzea baitzen, gero lehortzea eta azkenik sendabelar-zopa berezi bat prestatzeko agindu zuen eta ohe garbi batean deskantsatzen uzteko.
Antzinako arbasoak horrelakoak zirenez, auzokide guztiek olagizonari euren etxeak zabaldu zizkioten laguntza emateko asmoz.
Burdinola berregin zuten guztien artean. Azken batean batzuek beste batzuen beharra zuten. Baina tamalez, olagizonaren semea kalteturik atera zen istriputik. Kolpe batek kalte egin zion buru barruan eta denbora pasatu ahala gero eta gutxiago ikusten zuen. Petrikiloak aitari esan zion kaltea sendatzeko dena alferrik izango zela.